14 eta 16 urte azpiko selekzioak Urrezko Fasetik kanpo
Lehenengo fasean euria izan zen asteburuko protagonista. Urrezko Fase honetan, ordea, haizea izan zen agertu zena. Eguraldiak Andaluziak antolatutako fase honetan parte hartu zuten talde guztien jokoa baldintzatu zuen.
Hasierako jardunaldian Andaluzia izan zen gure bi taldeen aurkaria. Mikel Duque, Andoni Loran eta Asier Ormazabalen 14 urte azpiko selekzioak 2-0 galdu zuen. Bigarren zatia hasi bezain laster, haizeak erdiraketa bat Urkok defendatzen zuen atera bideratu zuen. Gero, Andaluziak akats bat baliatu zuen markagailuan 2-0-ekoa ezartzeko.
Loren Barbado, Sergio Alzola eta Beñat Etxebarriaren 16 urte azpiko selekzioak ere ezin izan zuen punturik lortu. Etxekoek, baloi luzea defendatzerakoan egindako akatsa aprobetxatu zuten partiduko gol bakarra sartzeko. Gure kadeteek, partidu parekatua izan arren, ezin izan zuten berdinketa lortu.
Gure infantilen bigarren aurkaria Asturias izan zen. Nahiz eta abagune argi ugari izan, ezin izan zuten markagailuan aurreratu. Astuariaseko selekzioa izan zen lortu zuena korner bati esker. Eta kontraeraso batean partidua irabazteko bigarrena sartu zuen amaierako 2-0-ekoa ezarriz.
Ivan Lopez izan zen 16 urte azpiko selekzioaren golegile bakarra Galiziaren aurka partiduko lehenengo gola sartu zuenean. Aurrelariak atezainaren irristada ikusi eta atea hutsik zegoela sarera bidali zuen baloia. Hala ere, Galiziak berdinketaren gola sartu zuen atsedenaldia baino lehen alboko erdiraketa batean. Bigarren zatian galiziarrak aurretik jarri ziren eta penalti bati esker garaipena lortu zuten partiduko azken txanpan.
Txapelketako hirugarren egunean haizeak atseden hartu zuen eta parte hartzaileek zapore onarekin amaitu zuten Urrezko Fasea. Eguraldiaren baldintza gabe, 14 urte azpiko selekzioaren bertsiorik onena ikuzi zen. Nahiz eta Valentziak markagailuan oso azkar aurre hartu, atsedenaldia baino lehen buelta eman zion norgehiagokari talde joko apartari esker.
Hala ere, Valentziako selekzioak Christian Imga eta Xabi Almandozek sartutako golak berdindu zituen lehenengo 45 minutuak igaro baino lehen. Bigarren zatian joan-etorriko partiduaz gozatu zuen ikusleak. Testuinguru honetan valentziarrak kontundenteagoak izan ziren aurkariaren arean. Hala erakusten du amaierako 6-2-koa.
16 urte azpiko selekzioak 3 goleko aldea behar zuen Madrilen kontra sailkapena lortzeko aukerak izateko. Kadeteek partiduko lehenengo gola sartu zuten alboko erdiraketa batean Madrileko atzelariak baloia bere atean sartu zuenean. Beste golen bat sartzeko abaguneak sortu bazituzten ere, Madrileko selekzioa izan zen 1-2 aldeko markagailuarekin aldageletara joan zena.
Partidua 1-4-ko porrotarekin eta gure kadeteen kanporatzearekin amaitu zen, lehenengoa bezain ona izan ez den Urrezko Faseari amaiera emanez.