16 urtez azpiko Euskadik penaltietan galdu du Espainiako final aurrekoa
Tabuenkaren taldeak lau aukera izan ditu finalerako txartela eskuratzeko, baina ez du asmatu. Finalean, Valentziak Madrilen kontra neurkuko ditu indarrak.
Durangoko Tabira futbol zelaira gerturatu diren zaleek kolpe gogorra hartu dute. Euskadik eskura izan du Espainiako Txapelketako finalerako txartela, baina bederatzigarren penaltia huts egin ostean agur esan dio ametsari. Valentzia neurketako lehen minutua bete aurretik aurreratu du markagailuan. Gol horrek indarra eman dio eta nagusi izan da lehen minutuetan. Hala ere, pixkanaka pixkanaka lehiari neurria hartu dio Tabuenkaren taldeak eta parekatu egin dira indarrak. Horri esker, Paredesek banakoa egin du bigarren zatiko lehen minutuetan. Baina ez da nahikoa izan. Irabazlea penalti jaurtiketetan erabaki da eta han Valentziak izan du zorte gehien. Euskadik finalerako txartela eskuratzeko lau penalti jaurti ditu, baina ez du asmatu.