18 eta 16 urtez azpiko Euskadi: Arazo barik Ceutaren kontra
16 urtez azpikoek Espainiako Txapelketako lauko finalerako txartela eskuratu dute, eta 18 urtez azpikoei ez die ezertarako balio izan garaipenak.
San Lorenzo futbol zelaira gerturatu diren Euskadi zaleek gozatu ederra hartu dute 16 urtez azpiko selekzioak eman duen ikuskizunarekin. Aitor Villarren aginduetara txapelketa bikaina ari da jokatzen. Orain arte ez du partidarik galdu eta gaur Ceutaren kontra lortutako garaipenari esker lauko finala jokatzeko txartela irabazi du.
Euskadik ez du aparteko arazorik izan Ceuta mendean hartzeko. Kanpoko taldeak indarra izan duen bitartean eutsi egin dio lehiari, baina behin lehen gola jaso duenean behera egin du nabarmen. Iñigo Baquek sartu du lasaitasunaren gola gure selekzioarentzat atsedenaldira ailegatu aurretik. Bigarren zatian eroso aritu Euskadi. Aukerak bata bestearen atzetik sortu ditu eta golak ere bata bestearen atzetik ailegatu dira. Ander Sainzek sartu du bigarrena gol olimpikoa eginez. Beste laurak Aitor Arberosek, Muñozek, Baquek bigarrenez eta Iban Arana goleatzaileak egin dituzte. Merezitako txartela Euskadiko futbolari guztiek lortu dutena.
18 urtez azpikoek ere ez dute gura izan euren lagunek baino gutxiago eta haiek ere emaitza berarekin lortu dute garaipena. Erraz nagusitu dira Iñaki Senak zuzentzen dituen futbolariak.