BABESLE OFIZIALAK
Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Kutxabank, S.A.
Mercedes-Benz Aguinaga
HORNITZAILE OFIZIALAK
Alzola Basque Water - Balenzategui, S.A.
Kaiku
Frutas Zelaia
Etiketak: - 

Adurizen burukada bik eman diote garaipena Euskal Selekzioari Estoniaren kontra

Etxarrik eta Iruretak zuzendutako selekzioak talde lehiakorra dela berretsi du. 4.000 zale inguruk ikusi dute neurketa Le Coq Arenan.

Nazioartean lehiatzeko gaitasuna duela erakutsi zuen Estoniaren kontra Euskal Selekzioak. Neurketa asko dira jada maila ona erakusten. Etxean zein etxetik kanpo. Atzo Xabi Prietok eta Adurizek eraman zituzten lore gehienak. Goi mailako jokalariak direla berretsi zuten. Baina euren lanarekin bakarrik ez zen nahikoa izango. Jokalariren konpromisoa eta batasuna baita Euskal Selekzioaren sekretu nagusia. Elkarri laguntzeko prest daude beti.

4.000 zale inguru batu ziren atzo Le Coq Arena futbol zelaian neurketa ikusteko. Euretatik 100 bat lagun inguru euskal herritarrak ziren. Eta, egiari zor, baikor zeuden neurketa hasieran ikusi zutenarekin. Euskal Selekzioak agintzen ekin zion neurketari. Nagusitasun horri eskerrak neurketako lehen aukera garbia izan zuen Adurizek. Atezaina gainditu ostean zutoinera jaurti zuen aurrelariak. Baina ondo hasi zenak okertzen joan zen apurka-apurka. Euskal Selekzioak zelai erdiaren kontrola galdu zuen eta aurkaria hasi zen nagusitzen. Estoniak lau aukera on izan zituen atsedenaldiaren aurretik. Kinkek langara bota zuen areaz kanpotik egin zuen jaurtiketa. Halaber, Vassiljev-ek, Vunk-ek eta Kams-ek ere ez zituzten euren aukerak baliatu. 

Sentsazio txarrarekin joan ziren aldagelara gure ordezkariak. Baina bigarren zatian bestelakoak izan ziren kontuak. Toquerok bizitasuna eta lanerako gaitasuna eman zion taldeari. Aurrelari gasteiztarrak berreskuratutako baloi bati esker lortu zuen lehen gola Euskal Selekzioak. Xabi Prietok eta Adurizek arte lana egin zuten. Hegalekoaren erdiraketa eta aurrelariaren errematea apartak izan ziren. Neurketaren 50. minutua zen Hala ere, Estoniak ez zuen etsi. Hala, zazpi minutu beranduago Kinkek beste jaurtiketa indartsu bat egin zuen eta bigarrenean sareetara bidali zuen baloia. Erotu egin zen neurketa. Eta eromen horretan bigarrenez agertu ziren Prieto eta Aduriz. Korner jaurtiketa bat baliatu zuten Euskal Selekzioa beste behin aurreratzeko (62. minututa).

Behin markagailuan abantaila hartuta kontrola lortu gura izan zuten aukeratzaileek. Horretarako zelai erdia indartu zuten. Eta ordutik aurrera nahi eta ezin aritu zen Estonia. Prestigioa ematen duen garaipena eskuratu zuen Euskal Selekzioak.

Euskal Selekzioa: Iraizoz, Iraola, Ansotegi, Ekiza, Garrido; Xabi Prieto, Gurpegi, Iturraspe, Gabilondo: Zurutuza eta Aduriz. Atsedenaldi ostean jokalari hauek zelairatu dira: Riesgo, San Jose, Sanjurjo, Bergara, Elustondo, Toquero y Sola.

Estonia: Londak, Kams, Barengrub, Reintam, Teniste, Zenjov, Klavan, Vunk, Kink, Vassiljev eta Ahjupera. Atsedenaldi ostean jokalari hauek zelairatu dira: Kotenko, Morozov, Kruglov, Moznikov, Luts, Prosa eta Anier.