Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Alzola Basque Water - Balenzategui, S.A.
Kutxabank, S.A.
Euskal Kirol Federazioen Batasuna - Unión de Federaciones Deportivas Vascas
Etiketak: - 

Basque Country International Women´s Cup txapelketa hasiko da

Euskal Selekzioa berdegunera itzuliko da 2021eko lehen partidak jokatzeko. Gainera, goi mailako selekzioek parte hartuko duten lauko txapelketan egingo du: Argentinak, Nigeriak eta Venezuelak, hain zuzen ere. ‘Basque Country International Women´s Cup’ izenekoan, gure jokalariak, apirilaren 8tik 11ra bitartean Lezama eta Zubieta artean jokatuko den lau herrialdeen arteko txapelketa honetan, selekzioa gorenera eramateko lehiatuko dira.

Gaur arratsaldean Itsasmuseum Bilbaon egindako prentsaurrekoan, Javier Landeta Euskadiko Futbol Federakundeko presidenteak, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, Iñigo Juaristi Emakumeen Euskal selekzioko hautatzailea, eta Aintzane Encinas hautatzailearen laguntzaileak txapelketa honen xehetasunen berri eman dute. Txapelketa aurten estreinatuko da, baina datozen urteetan erreferentzia bilakatu nahi du.

Euskal Selekzioa, beraz, gustukoen duen lekura itzuliko da: futbol-zelaietara, alegia. Bertan dago erosoen, eta FIFA egunetan jokatuko den txapelketa baten irabazle dela erakusten duen garaikurra jasotzen ahaleginduko da. Argentina, Nigeria eta Venezuela zail jartzen saiatuko dira, Europa hegoaldean jokatuko den selekzioen arteko lehiaketa garrantzitsuenetako batean.

COVID-19ak markatutako urte honetan, Euskal Selekzioak ilusioa itzuliko die zaleei. Gure jokalariak selekzio onenen aurka lehiatzen ikusteko gogoa zegoen. Zoritxarrez harmailak hutsik egon beharko direla egia bada ere, partidak ETBn jarraitu ahal izango ditugu, norgehiagoka guztiak irekian emango baititu.

Formatuari dagokionez, lehiaketa ‘final four’ bat izango da, bi finalaurrekorekin, hirugarren eta laugarren sailkatuak erabakitzeko balioko duen partida batekin eta lehen edizio honetako selekzio txapelduna zein izango den erabakiko duen finalarekin. Bikoteak hauek izango dira:

  • Apirilak 8 (18:30etan): Argentina-Nigeria (Zubietan)
  • Apirilak 8 (21:00etan): Euskal Selekzioa-Venezuela (Lezaman)
  • Apirilak 10 (11:45tan). Hirugarren eta laugarren postuak (Lezaman)
  • Apirilak 11 (11:45tan). Finala (Zubietan)

Beraz, ‘Basque Country International Women´s Cup’ ostegunean hasiko da Lezaman, mundu mailan izen handia duten bi selekziorekin.