Emakumezkoen 15 eta 17 urte azpiko selekzioek urrezko fasea jokatuko dute
Eguraldia eta elurra asteburuko protagonistak izango zirela zirudienean, gure bi selekzioek antzezle nagusiaren papera bereganatu zuten. Biek lehenengo postua lortu zuten golik hartu gabe.
Txapelketako lehenengo eguna partiduak jokatuko ote ziren jakin gabe hasi zen Mutilvako futbol zelaia zuen elur kopurua zela eta. Atzerapenarekin, baina txapelketak aurrera jarraitu zuen.
Amets Aguayoren 15 urte azpiko selekzioak Nafarroari 0-4 irabazi zion Enara Ormazabalek sartutako bi gol eta Elena Lizarraldek eta Prisca Embalok sartutako golei esker. Sailkapena igandean Errioxaren kontra borobildu zen Enara Ormazabalen beste bi golei esker. Modu honetan, Amets Aguayo eta Yvonne Mendivek zuzendutako taldeak lehen postua golik hartu gabe bereganatu zuen.
Jon Kepa Gonzalezen 17 urte azpiko selekzioak ere lehen postua golik hartu gabe lortu zuen. Ostiralean jokatutako lehenengo partiduan Nafarroari 5-0 irabazi zioten Enara Olaetxea, Sara Ortega, Haizea Garcia eta Ainhize Aranak sartutako bi golei esker. Larunbatean norgehiagoka Estellara lekualdatu zen, C.D. Izarraren futbol zelaira. Merkatondoan “Jonke” eta Eztizen Merinok zuzendutako taldeak 0-2 irabazi zion Asturiasi Ainhize Arana eta Maya Saezen golei esker.
Horrela bada, lehenengo fasea gure bi selekzioen urrezko faserako sailkapenarekin bukatzen dugu. Golik hartu gabe eta ilusioz gainezka txapelketaren hurrengo fasera begira.