Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Alzola Basque Water - Balenzategui, S.A.
Kutxabank, S.A.
Euskal Kirol Federazioen Batasuna - Unión de Federaciones Deportivas Vascas
Etiketak: - 

EMAKUMEZKOEN FUTBOLA: ARGENTINAK MENDEAN HARTU DU EUSKADI (4-2)

Emakumezkoen Euskadiko futbol selekzioak 4-2 galdu zuen Argentinaren aurka jokatutako lagunarteko neurketa. Joan den urteko irailean bi selekzioak Irunen jokatutako emaitza errepikatu zen Buenos Airesen.

Emakumezkoen Euskadiko futbol selekzioak 4-2 galdu zuen Argentinaren aurka jokatutako lagunarteko neurketa. Joan den urteko irailean bi selekzioak Irunen jokatutako emaitza errepikatu zen Buenos Airesen. Club Defensores de Belgrano futbol zelaian batu ziren 1.000 zale inguruk neurketa polita eta parekatua ikusteko aukera izan zuten.

Partida hasiera parekatua izan zen. Halere, Euskadiko jokalarien akats bik bi goleko abantaila eman zioten etxeko selekzioari neurketaren lehen herena jokatzerako. “Atsedenaldian bi goleko errenta zuen Argentinak, baina jokoa parekatua izan da. Sartu dizkiguten gol biak inozoak izan dira”, adierazi zuen Sebas Martija Euskadiko hautatzaileak.

Epaileak eta Coronel jokalariak beste asmo batzuk izan arren, atsedenaldiaren ostean egin zuen Euskadik bere jokorik onena.  Florencia Romano epaileak, Argentinak duen FIFA epaile bakarrak, Itziar Gurrutxaga kanporatzea erabaki zuen bigarren zati hasieran –67. minutuan Eva Gonzalez argentinarra ere kanporatu zuen-. “Falta ez da horrenbesterako izan. Txartel horiarekin nahikoa zen”, esan zuen Martijak. Hamar jokalarirekin geratu bezain pronto argentinarren izarra agertu zen gauzak are eta gehiago estutzeko. Coronelek hiru goleko abantaila eman zion Argentinari. Memento horretan esnatu zen Euskadi. Vanessak 35 metro ingurutik sartutako falta batek eta Ebak penaltiz sartutako beste gol bati esker Euskadik urduri paratu zuen Argentina. Azken minutuetan berdintzea eskuratzeko aukera paregabeak izan zituzten Ebak eta Gurutzek, baina Fabiana argentinarra izan zen gola sartu eta partida erabaki zuena.

Neurketa galdu arren, pozik agertu zen Martija. “Irunen baino hobeto jokatu dugu. Bigarren zatian baloiaren jabe izan gara, eta aurkariak baino aukera gehiago izan dugu. Hamar jokalarirekin oso ondo jokatu dugu. Gutxienez berdinketa merezi izan dugu”, azpimarratu zuen hautatzaileak.

 

Argentina: Correa; Gonzalez, Perez, Mandrile, Jerez, Celeste, Potassa, Huber, Ojeda, Coronel y Rosana. Aulkitik zelairatu zirenak: Eli, Cotelo, Carmen, Maricler, Florencia, Mercedes, Villanueva eta Fabiana.

Euskadi: Maria; Moreno, Vanessa, Castillo, Azagra, Itziar, Gurutze, Tzibi, Erica, Eba y Arrate. Aulkitik zelairatu zirenak: Tirapu, Evelyn, Olabarrieta, Bergara, Lizaso eta Del Ama.

 

GOLEGILEAK

1-0 Potassa 12´

2-0  Ojeda 17´

3-0 Coronel 60´

3-1 Vanessa 63´

3-2 Eba (p) 75

4-2   Fabiana 85´