Euskadi 18 urtez azpiko Espainiako Txapeldun
Jonathan Ledesmak zuzentzen duen taldeak 3-0 hartu du mendean Madril Balear Irletan jokatutako finalean. Cardenas, Oiartzabal eta Iñigo Vicente izan dira golegileak.
Lehen zatia oso parekatua izan da. Bi selekzioek garaipena baino ez zuten buruan eta ez Euskadi eta ez Madril ez dira ausartu aurrera egin eta arriskatzera. “Berdindua izan da. Aukerarik gabekoa. Lehen zati taktikoa izan da, kontrol askokoa. Inork ez du arriskatu gura izan”, adierazi du Iñaki Sena Euskadiko Futbol Federazioko kirol zuzendariak.
Bigarrenean, berriz, azkar bideratu du garaipena Ledesmaren selekzioak. Bigarren minuturako Cardenasek abantaila eman dio Euskadiri Villalibrek egindako jokaldi bat bikain errematatuta. Behin aurrea hartuta erosoago aritu da Euskadi eta, gainera, epaileak Madrileko jokalari bat egotzi du bigarren txartel horia erakutsita. Horrek asko erraztu du egin beharreko lana. Azken orduerdian eroso aritu da gure selekzioa, baina finala ez da azken minutura arte erabaki. Arauzko denbora betetzeko minutu baten faltan Oiartzabelak sartu du bigarrena kontraeraso azkar batean atezainaren aurrean baloia maisutasunez loratuta. Eta Luzapenean Iñigo Vicentek egin du azken gola area barruan aldaratze bat baliatuta.
Euskadi: Simon; Sukia, Moya, Baque, Xiker, Zubeldia, Peru, Villalibre, Oiarzabal, Cardenas etad Sarriegi. Bigarren zatian: Iñigo Vicente, Cordoba, Meñika eta Muñoz.