Euskadi Amateurrek agur esan dio Herrialdeen arteko txapelketari
Joseba Nuñezek zuzentzen duen taldeak 4-0 galdu du Kataluniaren kontra.
Itxura txarra emanda esan dio agur Euskadik Espainiako Amateur txapelketari. Joseba Nuñezek zuzendutako taldeak garaipena behar zuen amets egiten jarraitzeko, baina Kataluniak ez dio aukerarik eman. Lehen minutuetan txukun aritu da Euskadi. Jokoaren ekimena euskal jokalariena izan da, eta horri eskerrak gertu izan du gola Espinosak baina bere jaurtiketa gurutzatuegia izan da. Hortik aurrera aldatu egin da haizearen norabidea. Besteak beste, kataluniarrek sekulako indarra erakutsi dutelako estrategia jokaldietan. Bi gol sartu dituzte geldikako jokaldietan. Behin aurrea hartuta, hazi egin da Katalunia eta behera egin du Euskadik. Ezinean aritu dira gure ordezkariak. Atzean zalantza askorekin eta kamuts erasoan. Azken emaitzak ez du zalantzarako traterik lagatzen. Merezita irabazi du Kataluniak (4-0).