Euskadi Amateurrek Lurraldeen Arteko Espainiako Txapelketako lauko finalerako txartela eskuratu du
Euskadik 1-0 irabazi zion Asturiasi Muskizen Agirrezabalek sartutako penalti bati esker. Epaileak Asturiaseko sei jokalari egotzi zituen.Euskadik Lurraldeen Arteko Espainiako Txapelketako lauko finala jokatuko du Asturias kanporatu ostean. Edu Uriartek zuzentzen duen selekzioak joanekoan eskuratutako berdinketa baliatu gura zuen Maleconen (Muskiz) jokatutako partidan. Berez, kanpotarrek arriskatu behar zuten. Gutxienez gol bat sartu behar zuten aurrera egiteko.
Baina partida ez zen ondo hasi asturiarrentzat. Neurketa hasi bezain pronto penaltia egin zioten Zuluetari korner bat errematatzera zihoanean. Agirrezabalek ez zuen aukera pasatzen laga. Euskadiren golak erabat baldintzatu zuen neurketa. Aurkaria noraezean egon zen lehen zatiaren azken txanpara arte. Rodriguez eta Alvarez izan ziren Asturiasentzat partida eta kanporaketa berdintzeko aukera izan zuten jokalariak. Baina Oier San Miguel atezainak maila handiko geldiketak egin zituen.
Bigarren zatia ere ildo beretik hasi zen. Bi selekzioak partida kontrolatu guran zebiltzan, baina ez zuten lortzen. Neurketa parekatua zen epaileak Asturiaseko Lazaro atzelaria egotzi zuen arte. Kanpotarrei min handia egin zien. Haserretu egin ziren eta epaileari protestaka hasi ziren, azkenen epaileak guztira bost jokalari egotzi zituen. Beraz, Asturias sei jokalarirekin utzi zuenez amaitutzat eman behar izan zuen neurketa. Partida amaiera tristea izan zen:asturiarrak burua galduta eta Euskadiko jokalariak ere partidak hartu zuen norabide korapilotsutik irten ezinda. Hala ere, gure selekzioa lau onenen artean egongo da.
EUSKADI: San Miguel, Perez, Pereda, Kerman, Agirrezabal, Zulueta (Orue 73. min.), Larrinaga, Jaime (Imaz 70. min.), Tena, Aketxe (Borja 82. min.), eta Orbegozo.