Euskadi Amateurrek penaltietan galdu du Gaztela Leonen aurka
Edu Uriartek zuzentzen duen selekzioak neurketa osoa jokatu du, baina ez ditu aukerak aprobetxatu.
Euskadik ezin izango du irabazi hirugarren aldiz jarraian Lurraldeen Arteko UEFA Kopako Espainiako Txapelketa. Finalerdietan Gaztela Leonen kontra galdu du penalti jaurtiketetan. Penalti jaurtiketak izan dira, hain zuzne ere, Euskadik txarto egin duen gauza bakarra. Neurketak iraun duen 120 minutuetan maila ona eman dute Edu Uriartek zuzendutako jokalariek. Norgehiagokan zehar sarri askotan izan da aurkaria baino gehiago. Gaztela Leonek baino aukera gehiago izan ditu, baina azken metroetan ez da fin aritu.
Lehen zatian Kermanek aurreratu du Euskadi. Rekagorrik maisutasunez atera du falta eta Jaimek buruarekin erdiratu ostean sareetara bidali du baloia atzelari gipuzkoarrak. Baina aurkariak gutxi behar izan du neurketa berdintzeko. Euskadik huts egin du korner jaurtiketa batean eta Airtonek ez du aukera pasatzen utzi.
Bigarren zatian ere indartsu ekin du neurketa gure selekzioak. Aurkariak kalitate gehiago izan arren, Euskadik indar eta gogo gehiago erakutsi du. Lan horri eskerrak hartu du aurrea markagailuan. Jaimek bikain errematatu du berriz ere Rekagorrik ateratako falta. Baina bigarrenez berdintzea lortu aurkariak. Oraingoan ere Airton izan da golegilea.
Luzapenean ere aukera paregabeak izan ditu Euskadik neurketa irabazteko. Davitxik atezainaren aurrean bakarrik lehenengo eta Urko Peredak azken minutuan langara botatako burukada bati esker ondoren gertu izan du garaipena, baina ez du zortea lagun izan. Penalti jaurtiketetan, berriz, ez dira fin aritu. Gaztela Leonek jaurtitako laurak sartu ditu. Euskadik, berriz, bakarra sartu du. Davitxi izan da golegilea.
EUSKADIi: Urtzi; Arkaitz, Tena, Urko, Kerman, Rekagorri, Egoitz, Eneko (Oxel 80´), Jaime (Arman 64´), Aketze (Davitxi 70´), eta Eder.
1-0 Kerman 28´
1-1 Airton 36´
2-1 Urko 61`
2-2 Airton 77´