Euskadik Espainiako Txapelketako finala jokatuko du Nafarroa mendean hartu ostean
Joseba Nuñezek zuzentzen duen selekzioak 4-0 irabazi du. Castilla Leon izango du aurrean igandeko finalean.
Uste baino errazago hartu du mendean Euskadik Nafarroa Espainiako txapelketako final-aurrekoan. Joseba Nuñezek zuzentzen duen selekzioak 4-0 irabazita eskuratu du finalareko txartela. Euskadi neurketa guztian izan da nagusi Olaranben. Hala ere, bigarren zatira arte ezin izan du nagusitasun hori markagailuan islatu. “Lehen zatian jokoaren ekimena izateaz gain aukera onak izan ditugu. Baina ez dugu asmatu. Nafarroak bere ate inguruan itxaron digu eta kontraerasoa baliatzen ahalegindu da”, adierazi du Joseba Nuñez aukeratzailea.
Atsedenaldi ostean bestelakoak izan dira kontuak. Iker Hernandezek gola sartu du bigarren zatiko lehen aukeran. Horrek erabat aldatu du norgehiagoka. “Lehen gola erabakigarria izan da”. Markagailuan aurrea hartu ostean lasaiago aritu da etxeko taldea. Eta golak bata bestearen ostean etorri dira. Victor, Castro eta Mendigutxia izan dira goleatzaileak.
Lehen erronka gainditu ostean, Euskadi hasi da finalean pentsatzen. Castilla Leon izango da Mendizorrotzan jokatuko den finaleko aurkaria (igandean, 12:00etatik aurrera). Neurketa gaitza aurreikusten du Nuñezek. “Selekzio gogorra da. Zelai erditik aurrera jokalari onak ditu”.