Euskal Selekzioa Tallinera ailegatu da
Jokalariak bazkaltzen daude une honetan. Atseden hartu ostean Le coq Arena futbol zelaira abiatuko dira lan saioa egitera.
Hiru ordu eta erdi eskaseko hegaldia behar izan du Euskal Selekzioaren espedizioa Tallinera eraman duen hegaldiak Estaoniako hiriburura ailegatzeko. Arazo gabeko bidaia izan da. Giro ona nagusitu da espedizioko kideen artean. Halaber, Selekzioarekin batera bidaiatu duten zaleek ere ilusioz eta gogotsu ekin diote txangoari. Haien hamaiketakoan ez da jan-edanik falta izan. Guztira 38 lagun animatu dira Euskadiko Futbol Federazioak antolatutako hegaldian bidaiatzera.
Tallinen giro epela egiten du. Hiria ezagutzeko tenperatura aproposa da. Zeruan urdinguneak dira nagusi, baina ez dira lainoak falta. Aurrez esan bezala, jokalariak bazkaltzen ari dira une honetan. Bazkal ostean atseden hartzeko aukera izango dute eta 18:30ak inguruan abiatuko da espedizioa Le Coq Arenara. Lan saioa arratsaldeko 19:00etatik aurrera egingo da.