Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Alzola Basque Water - Balenzategui, S.A.
Kutxabank, S.A.
Euskal Kirol Federazioen Batasuna - Unión de Federaciones Deportivas Vascas
Etiketak: - 

Euskal Selekzioak Costa Ricaren aurka neurtuko ditu indarrak azaroaren 16an Ipuruan, urteko azken FIFA leihoaren barruan

Euskal Selekzioa eta Costa Ricako selekzio nazionala azaroaren 16an arituko dira nor baino nor, 2020ko FIFAren azken leihoaren barruan. Erdialdeko Amerikako selekzioak Euskadi bisitatu nahi izan du hiru egun lehenago Austriara eramango duen Europa mailako minigira baten barruan. Egoera epidemiologikoak uzten badu, partida Ipuruan jokatuko da arratsaldeko 20:45etik aurrera. Gainontzeko selekzioekin gertatzen ari den bezala, partida ikuslerik gabe edo edukiera txikiarekin jokatuko da, osasun egoeraren arabera.

Covid-19k sortutako pandemia globalaren ondorioak gorabehera, nazioarteko futbolak FIFA egutegiaren barruan jokatzen jarraitzen du, eta Euskal Selekzioak lehiatzeko eta hazten jarraitzeko konpromisoari eusten dio. Testuinguru horretan, Euskal Selekzioari Europa bisitatzen duen selekzio mundialista baten aurka jokatzeko aukera suertatu zaio; izan ere, Costa Rica Europara etorriko da hemengo ligetan ari diren bere jokalaririk onenak kontzentratzeko helburuarekin. Lehenengo, kontzentrazio bat egingo du Austrian eta Qatarreko selekzioaren aurka jokatuko du, eta ondoren Euskadi bisitatuko du bere jokalaririk onenekin.

Bere zaleen aurrean jokatzerik izango ez badu ere, Euskal Selekzioak partida honen aldeko apustua egin du, hazten jarraitzeko aukera emango baitio FIFA egutegiaren barruan normaltasunez eta maiztasunez lehiatuz. Izan ere, gizonezkoen Euskal Selekzioak FIFA datan jokatzen duen hirugarren partida izango da bere historia luzean, Venezuelaren (2018) eta Panamaren (2019) aurka jokatutakoen ostean. Maila handiko selekzioen aurka lehiatzen jarraitzeak eta FIFA datetan egiteak aukera emango dio Euskal Selekzioari partida garrantzitsuak jokatzeko bere zaleen aurrean, behin nazioarteko futbola normaltasunera itzultzean.

Norabide horretan, urte hasieratik Euskadiko Futbol Federazioak, Eusko Jaurlaritzak, Lehen Mailako klubek eta jokalariek lantalde bat jarri dute martxan, Euskal Selekzioaren inguruan lan-dinamika berri bat sortzeko eta proiektu hau berpizteko, zaleen eta euskal gizartearen aurreikuspenei eta ilusioari erantzunez. Hala, azaroko FIFA leihoan Costa Ricaren aurka jokatzeko erabakia dinamika berri horretan parte hartzen duten alderdi guztien artean adostutako erabaki baten emaitza da.

Costa Ricaren indarra

Costa Rica Amerikako selekzio indartsuenetako bat da eta ohiko mundialista bilakatu da azken bi hamarkadetan. Azken bost Munduko Txapelketetatik lautarako sailkatu da (ez zen Hegoafrika 2010ean aritu), eta 2014ko Brasilgo Munduko Txapelketako final-laurdenetara ere iritsi zen (bertan penaltietan kanporatu zuten Herbehereek, hain zuzen, hirugarren sailkatu zen selekzioa). Costa Ricak Europa bisitatuko du bere jokalaririk onenak Europako ligetan biltzeko helburuarekin, eta selekzioak jokalari onenekin Euskadi bisitatzeko konpromisoa hartu du.