Euskal Selekzioak ez du partidarik jokatuko Gabonetan, kalitate gorena bermatuko duen norgehiagoka ixtea ezinezkoa izan delako
- “Bukaerara arte saiatu gara, baina ezinezkoa izan zaigu horrelako norgehiagoka garrantzitsu bat jokatu ahal izateko osagai guztiak batzea. Oso atsekabetuta gaude”, adierazi du Javier Landeta Euskadiko Futbol Federakundeko presidenteak
Bilbon, 2021eko abenduaren 14an.- Euskal Selekzioak ez du norgehiagokarik jokatuko Gabonetan. “Ezinezkoa izan zaigu kalitate gorena bermatuko duen partida ixtea. Hori izan da gure helburu nagusia hilabete hauetan. Bukaerara arte saiatu gara, baina ezinezkoa izan zaigu horrelako norgehiagoka garrantzitsu bat jokatu ahal izateko osagai guztiak batzea. Benetan, oso atsekabetuta gaude egoera honekin. Ez da espero genuena”, adierazi du Javier Landeta Euskadiko Futbol Federakundeko presidenteak.
Federazioak hiru aldagai elkartu nahi izan ditu uneoro: lehen mailako jokalariekin deialdia egitea, ahalik eta publiko gehien har dezakeen futbol zelaia lortzea eta norgehiagoka erakargarria bilakatuko lukeen aurkari garrantzitsua gonbidatzea. “Baina ezinezkoa izan zaigu. Prozesu horretan guztian, funtsezkoa izan da Ligak proposatutako ordutegi-aldaketa. Ezin izan dugu gure ametsa errealitate bihurtu”, gaineratu du Landetak.
“Ezin hobeto ulertzen dugu horrek guztiak eragin dezakeen frustrazioa, eta, jakina, partekatu egiten dugu. Ez zen gura genuena eta onartzea gogorra izan da. Hemendik aurrera, hiru aldagai horiek martxoan ematea da gure helburu nagusia. Lanean gogor jarraituko dugu, gure helburua Euskal Selekzioa jokalari onenekin ikustea delako, zelairik onenean eta aurkaririk onenaren aurka”, amaitu du Landetak.