Euskal Selekzioak zaleengana “gerturatu” gura du
Etxarriren eta Amorrorturen selekzioa Anoetara itzuliko da zortzi urteren ostean. Bolivia izango da aurkaria, hilaren 29an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera.
Anoeta zain dago Euskal Selekzioaren laugarren partida hartzeko. Selekzioak zelai gipuzkoarra bisitatu zuen azken alditik zortzi urte pasa dira dagoeneko. Orduan Honduras izan zen kontrtarioa eta hilaren 29an -20:00ean- Xabier Azkargortaren Bolivia mendean hartzen ahaleginduko dira euskal ordezkariak.
Arlo ekonomikoa edota harmailetan sortzen den giroa kontuan hartuz gero, San Mamesen jokatzea izango litzeteke Federazioko ordezkarientzat erosoena. Baina beste gauza batzuk ere kontuan hartu dituzte euskal futbolaren agintariek. “Nik uste dut egokiena dela Euskal Selekzioak zelai ezberdinetan jokatzea. Gure asmoa da jarraitzaileak Selekzioara gerturatzea”, adierazi zuen Santiago Arostegik, “gainera, segurtasunari ere garrantzia handia eman diogu. Beste batzuk gu aintzat hartzeko gu izan behar gara serioak. Horregatik, garrantzitsua da ematen dugun itxura. Arlo horretan Anoetak San Mamesek baino azpiegitura hobeak ditu”, gaineratu zuen Euskal Federazioko presidenteak.
Bolivia, kontuan hartzeko aurkaria
Kirol arloari dagokionez, bai Mikel Etxarri eta baita Jose Mari Amorrortu ere hasi dira lan egiten ahalik eta deialdirik indartsuena osatu ahal izateko. Hori bai, hilaren 24ra arte ez dute zerrendaren berri emango. Bien bitartean, Boliviaren gaineko informazioa bildu eta bildu ari dira. “Azkargortak kargua hartu zuenetik ari gara euren lana jarraitzen. Gehienetan hiru erdiko atzelarirekin jokatzen duen selekzioa da. Futbolari on batzuk baditu, baina guztietan onena Martins da. Egun Brasilgo Gremion ari da jokatzen”, esan zuen Mikle Etxarrik.
Amorrortuk, berriz, sasoi batean bere etxea izan zenera itzultzeak eragiten dion poza nabarmendu zuen. “Ilusioa egiten dit neurketa onek. Oroitzapen asko datorzkit burura. Selekzio lehiakorra garela erakusten jarraitu gura dugu”, esan zuen.
Bukatzeko, gogoratu web orrialde honetan daukazuela sarrera salmenten inguruko informazio guztia.