BABESLE OFIZIALAK
Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Kutxabank, S.A.
Mercedes-Benz Aguinaga
Fútbol Emotion
HORNITZAILE OFIZIALAK
Alzola Basque Water - Balenzategui, S.A.
Kaiku
Frutas Zelaia
Veo Sports Camera
Etiketak: - 

Euskal Selekzioaren bisitaren zain dago Estonia

Neurketa maiatzaren 25ean jokatuko da (20:45) Tallin-eko Le Coq futbol zelaian. Iruretak gaur egin du bere lehen agerraldia aukeratzaile gisa. Bestalde, Federazioak eta Astorek 2013 urtera arte luzatu dute hitzarmena.

Euskal Selekzioa burubelarri ari da prestatzen aro berri honetan egingo duen hirugarren irteera –Katalunian eta Venezuelan jokatu zuen aurrez-. Jakinekoa da Euskal Herriko mugetatik kanpo jokatzea aurrerapausu garrantzitsua dela gure selekzioarentzat. Horregatik, jokalari ohi batzuek ez zuten huts egin Federazioko ordezkariek aurkezpenean parte hartzeko eskatu zietenean: Urzaizek, Alkortak, Lopez Rekartek eta Larrzabalek ez zuten dudarik izan Federazioaren apustua babesterako orduan.

Futbolari ohiekin batera Jabo Irureta izan zen aurkezpeneko protagonista nagusia. Irundarrak lehen agerraldia egin zuen Euskal Selekzioko aukeratzaile gisa. “Euskadiko Selekzioan sinesten dugunontzat erronka da eman didaten ardura”, esan zuen Iruretak, “baina Estoniakoa ez da izango Euskal Selekzioa zuzenduko dudan lehen aldia. Aurrez, 1993an, Realaren aurkako partida batean zuzendu nuen Selekzioa. Atotxaren agurreko partidan izan zen”, gaineratu zuen teknikari beteranoak.

Mikel Etxarrik, berriz, hurrengo aurkaria izan zuen hizpide. “Estoniaren jokoa aztertu dugu eta jakin badakigu fisikoki oso talde indartsua dela. Gure nagusitasun teknikoa baliatu beharko dugu garaipena eskuratu ahal izateko”, esan zuen Etxarrik.

Astorekin 2013 urtera arte

Etxarrik eta Iruretak hilaren 19an edo 20an emango dute deialdiaren berri. “Hemezortzi  jokalari eramango ditugu. Estoniak partida ofizial baten antza eman gura dio neurketari”, adierazi zuen Federazioko idazkari nagusi Jon Ander Gamboak. Beraz, oraindik itxaron egin beharko da aukeratuen zerrendaren berri jakiteko. Selekzioa zein kirol etxek jantziko duen jakiteko ez da horrenbeste itxaron behar. Federazioak eta Astorek 2013 urtera arte luzatu baitute euren arteko hitzarmena. 1993. urtetik ari dira elkarlanean. “Eskerrak eman gura diegu. Memento onetan zein txarretan babestu gaituzte”, esan zuen Federazioko presidente Santiago Arosteguik.