Federazioak “buruz” jokatzeko eskatu die zaleei
Tunisiaren kontrako partidan bengalarik ez pizteko eta neurketa amaieran zelaira ez irtetzeko eskatu zaie jarraitzaileei. Euskal Selekzioaren “irudiari” min handia egiten diote gisa horretako ekintzek.
Euskal Selekzioak eta Tunisiakoak San Mamesen jokatuko duten partida hasi da mamitzen (Abenduak 28, 20:45). Gure selekzioari dagokionez, Jose Mari Amorrorturen debuta izango da berritasun nagusietako bat. Athleticeko kirol zuzendariaren esanetan “ohorea” eta “ardura” da euskal futbola ordezkatzea. Federazioko presidente Santi Arostegirentzat, berriz, aukeraketa ezinhobea. “Euskal futbola oso ondo ezagutzen duen entrenatzailea da Amorrortu”.
Bi hautatzaileak prestatzen ari dira dagoeneko neurketa. Euskal Selekzioaren deialdia hilaren 22an jakinaraziko dute. Baina etxekoari begiratzeaz gain, aurkariari ere erreparatu diote azken asteotan. “Tunisia talde azkarra da. Joko landua du gustuko”, esan du Amorrortuk.
Aukeratzaileak euren lana egiten diharduten bitartean, agintariak eurenarekin jarraitzen dute. Partida egunean segurtasuna bermatzea da euren ardura nagusietako bat. Ildo horretan, aurreko urteetako kontuak ezin direla errepikatu nabarmendu dute. “Bengalak pizteak eta zelaira sartzeak ez diote mesederik egiten gure futbolari. Galera ekonomiko handiak ekartzeaz gain, gure selekzioaren irudia kaltetzen dute”, adierazi du Arostegik.
Bestalde, Federazioko presidenteak aurreratu du neurketa hasi aurretik urrezko intsignia ezarriko zaiola Iturralde Gonzalez epaileari. Epaile bizkaitarrak sasoi amaieran utziko du futbola eta bera izango da neurketa zuzenduko duena.
Sarrera salmenta
Datorren ostiraletik, hilak 16, eta hilaren 25a bitartean BBK kutxazainetan eta Gizpuzkoako eta Arabako Federazioetan eskuratu ahal izango dira sarrerak. Bestalde, hilaren 26tik partida egunera arte San Mameseko txarteldegietan jarriko dira salgai sarrerak (10:30-13:00, 17:30-20:00). Era berean, 50 lagun baino gehiagoko taldeek federazioaren web orrialdearen bitartez eskatu ahal izango dituzte sarrerak.