Gure 8 talde hurrengo kanporaketan!
Errege Kopako lehenengo kanporaketa jokatu ondoren, gure 10 taldeetatik 8-k lortu zuten sailkapena.
Bakarrik Amorebieta eta Beasain izan ziren kanporatuak, baina ez azken momentura arte borrokatu gabe. Urritxekoek Atletico Saguntinoren aurka galdu zuten luzapenaren 116. minutuan penalti bati esker hartutako golarekin. Luzapenean ere etorri zen Beasainen kanporatzea. Nahiz eta Cristian eta Markel Pitaren golei esker emaitzari buelta eman, 121. minutuan Sporting-ek hirugarren gola sartu zuen.
Gernika eta Arenasek bigarren mailako Leganes eta Lugo garaitu zituzten. Urbietakoek penaltietan lortu zuten garaipena eta Gobelakoek 75. minutuan Iñigo Gomezaren golari esker. Baina kanporaketa honetako balentria Stadium Galean eman zen. Bertan, Real Unionek lehenengo mailako Cadiz garaitu zuen. Nacho Sanchez eta Ivan Perezek birritan berdindu zuten partidua eta 93. minutuan Nachok zoramena eraman zuen zelaiko harmailetara.
Sestao Riverrek Leandro Martinezen golari esker gainditu zuen Racing Ferrolen aurkako kanporaketa. Eibar eta Alavesek ere esperotakoa bete zuten Las Rozas eta Lleidaren kontra. Blanco Leschuk bi golekin eta Javi Muñoz armaginentzat, eta Hara babazorroentzat izan ziren golegileak.
Azkenik, Real Sociedad eta Athleticek inolako ezusterik saihestu zuten Cazalegas eta Alziraren zelaietan. Robert Navarro, Sorloth birritan eta Mikel Merino izan ziren Imanol Alguacilen taldearen golegileak. Ernesto Valverderen mutilak atsedenaldira 0-2-koarekin heldu ziren Berenguer eta Nico Williams sartutako golei esker.
Modu honetan, kanporaketa honetako 110 parte-hartzaileetan zeuden 10 euskal taldeetatik, 8-k hurrengo kanporaketan izango ditugu sailkatutako 55 taldeen artean. Hurrengo kanporaketako zozketan Racing Santander sartuko da RFEF 1. Mailako txapeldun gisa. Zozketa asteazken honetan, azaroaren 16an ospatuko da arratsaldeko 17:00tan.