BABESLE OFIZIALAK
Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Kutxabank, S.A.
Mercedes-Benz Aguinaga
Fútbol Emotion
HORNITZAILE OFIZIALAK
Alzola Basque Water - Balenzategui, S.A.
Kaiku
Frutas Zelaia
Veo Sports Camera
Etiketak: - 

Ilusioa berreskuratu du

Euskal Selekzioak eta Mendizorrotzako harmailak bat egin dute Venezuela mendean hartzeko (4-2).

Euskal Selekzioaren suak indarra hartu du berriz. Taldearen inguruan galduta zegoen ilusioak beharrezkoa zuen bultzada hartu du Mendizorrotzan. Selekzioak eta harmailak iraganean bezala egin dute bat eta energia hori nahikoa izan da Venezuela nagusitasunez mendean hartzeko.

Neurketa prestatzeko denbora gutxi izan arren, jokalarien konpromisoak eta elkartasunak talde moduan funtzionatzeko aukera eman dio taldeari. Etxarrik eta Amorrortuk zuzendutako taldeak indartsu ekin dio lehiari. Harmailetan bildu diren 15.00 zale pasatxo bero egon dira eta energia horri segida emate aldera Euskal Selekzioak erritmo handiarekin ekin dio neurketari. Zelai erdian aginte makila hartu eta Venezuelaren atea estutzeari ekin dio. Ibai Gomez izan da taldeak sortutako aukerei amaiera emateko arduraduna. Hegaleko bizkaitarraren lehen jaurtiketa Romo atezainak gelditu du. Bigarrenak gora egin dio ihes, baina hirugarrenean ez du barkatu. Area handitik bizpahiru metrora zegoen falta giza hesiaren azptik jaurti eta ezustean hartu du Venezuelaren atezaina.

Lehen minutuetan erakutsitako nagusitasunari esker ereindakoa jaso du Euskal Selekzioak. Baina bost minutu eskasera kolpe latza hartu du. Venezuelaren lehen erasoaldietako batean Peñarandak hegaletik egindako jokaldia areaz kanpotik jaurtita amaitu gura izan du Romerok. Erdilariaren ahaleginak Yuriren gorputzean jo eta engainatu egin du Riesgo. Bana. Kolpea. Lehen zatia amaitu bitarteko minutuak Venezuelaren onenak eta Euskal Selekzioaren eskasenak izan dira.

Etxarrik eta Amorrortuk itxuraldatu egin dute taldea bigarren zatiaren hasieran. Bost aldaketa egin dituzte eta berrindarturik plazaratu da gure selekzioa. Gogo horren ondorioz, berdegunea zapaldu berri zegoen Bautistak ezkerrez eta Arbillak areaz kanpotik eskuinez asmatzea lortu dutd. Gol bi aitaren batean. Bide batez, Euskal Selekzioak bideratuta utzi du neurketa.

Behin bi goleko errenta lortuta, Euskal Selekzioak ez du arazo handirik izan neurketa kontrolatzeko.  Bien bitartean festa izan da nagusi harmailetan. Zirraragarria izan da Polikiroldegiko harmailan egon diren gazteek sortu zuten giroa. Neurketako azken gol biak lehiaren ondarrean iritsi dira. Aritz Elustondok bere gol senaren berri eman du korner bat buruz sareetara bidalita. Luzapenean, Poncek egin ditu Vinotintoren lotsarenak. Beste behin goi mailako selekzioen kontra lehiatzeko gaitasuna duela erakutsi du Euskal Selelkzioak.

Euskal selekzioa. Riesgo; Martin, Aritz Elustondo, Iñigo Martinez, Yuri; Ibai, Manu Garcia, Illarramendi, Zurutuza; Williams eta Aduriz. Jokalari hauek zelairatu ziren gero: Serantes, Arbilla, Dani Garcia, Eraso, Vesga eta Bautista.

Venezuela. Romo; Rosales, Angel, Osorio, Mago; Romero, Figuera; Peñaranda, Otero, Murillo; eta Martinez. Jokalari hauek zelairatu ziren gero: Sayarino, Rincon, Ponce, Bello eta Moreno.

Golak: 1-0: Ibaik (25. min.). 1-1: Romerok (30. min.). 2-1: Bautistak (49. min.). 3-1: Arbillak (53. min.). 4-1: Aritz Elustondok (88. min.). 4-2: Poncek (90. min.).

Epailea. Undiano Mallenco. Txartel horiak: Euskal selekzioko Arbillari; eta Venezuelako Murillori.