Irabazi, “aldarrikatzeko”
Euskal Selekzioa ordubetez aritu da Anoetan. Ez da inolako arazorik egon.
Futbol gosez bueltatu dira Euskal Selekzioko jokalariak lanera. Egun batzuk familia artean igaro ostean, gaur hasi dira Boliviaren kontrako partida prestatzen. Ordubeteko lan saio arina izan da. Eta, aukeratzaileak oso gustura geratu dira futbolariek erakutsi duten “gogo” eta “jarrerarekin”. “Ez da nabaritu egun batzuk geldirik egon direnik”, adierazi du Jose Mari Amorrortuk.
Behin talde dinamikarekin lehen harremana izan ostean, Euskal Selekzioa hasi da Boliviaren kontrako lehian pentsatzen. Ildo horretan, ideia bat nagusitzen da beste guztien gainetik: “Garaipena”. Iaz Tunisiaren kontra kale egin ostean, garaipenaren bidera bueltatzea da buruan duten gauza bakarra. “Jokalari guztiek jokatzea gura dugu, baina gure lehentasuna irabaztea da da”, esan du Mikel Etxarrik.
Eta aukeratzaileek duten nahi hori jokalariengana ailegatu dela dirudi. Xabi Prietoren adierazpenek hori erakusten dute behintzat. “Gu urtean behin edo gehienez birritan elkartzen gara. Beraz, garaipena da aldarrikatzeko erarik onena”, azpimarratu du erdilari finak.
Ildo berean jardun da Aritz Aduriz. Aurrelari gipuzkoarrari ilusioa handia egiten dio elastiko berdearekin jokatzeak eta ez du aukera pasatzen laga gura. “Aldagelan oso giro ona dago. Zelaian, berriz, jakinekoa da ez dugula sarri elkarrekin jokatzen eta ez dela erraza izango, baina talde lehiakorra gara”.
Azkargortak dio ez dagoela” lagunartekorik”
Euskal Selekzioaren lan saioaren eta agerraldiaren ostean, kanpotik datorrenari egokitu zaio txanda. Lanean hasi aurretik Xabier Azkargorta agertu da hedabideen aurrean. Euskal herritarrentzat etxekoa da eta baita boliviar guztientzat ere. “Ohorea”, dela esan du, “herri horrek eman didan guztia bueltatzen ahalegintzen naiz”. Ondoren, neurketaren gainean galdetuta talde “lehiakorra” zelairatuko duela aurreratu du. Eta, egun ez dagoela partida errazik ere nabarmendu du. “Niretzat ez dira lagunartekoak existitzen. Partida ofizialak eta ofizialak ez direnak daude. Baina garaipenak soilik ez du balio. Nik gehiago eskatzen dut”