‘IRABAZI ARTE!’: nesken futbolari buruzko telesail berria ETB1en
IRABAZI ARTE, neska gazteen futbol-talde bat oinarri duen telesaila da. ETB 1en estreinatuko da datorren ostiralean, otsailaren 11n, 21:00etan. Arene dugu protagonista, Bartzelona utzi eta Learo herrixkara bizitzera etorriko den nerabea. Bizimodu berri batera egokitu beharko du: aitonarekin bizitzen moldatu eta lagun berriak egiten asmatu beharko du. Baina, Areneren erronka nagusia, aurreiritzien aurka kementsu borrokatzea eta emakumezkoen futbol-talde bat sortzea izango da, Learoko lehenbizikoa.
Protagonisten bitartez, gaur egun gizartean ematen diren hainbat gai landuko ditu telesailak; futbolean eta kirolean oro har bizi den giroa, emakumeen ahalduntzea, nerabeen eta gurasoen arteko harremana, familia, eta gaur egungo nerabeek dituzten arazoak eta erronkak.
Musikak ere garrantzi berezia izango du. Chill Mafia kolektibo nafarrak egin du karetako abestia. Eta horrez gain, egungo beste euskal talde aipagarrien musika ere tartekatuko da, horien artean; ZETAK, Bengo eta Omagoren abestiak.
Sua Enparantza, Iker Galartza eta Jose Ramon Soroiz dira protagonista nagusiak. ‘Go!azen’ telesail arrakastatsuaren sortzaileen eskutik dator ‘Irabazi Arte!’, eta Javier Garcia de Vicuña da zuzendaria.
Sua Enparantza protagonistaren hitzetan, telesailak “familia, zure familiatik kanpo, lagunengan aurkitu dezakezula kontatzen du. Futbolaren baloreez hitz egiten du eta baita emakumeen indarraz ere: batez ere noraino iritsi daitezkeen elkartzen direnean”.