Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Alzola Basque Water - Balenzategui, S.A.
Kutxabank, S.A.
Euskal Kirol Federazioen Batasuna - Unión de Federaciones Deportivas Vascas
Etiketak: - 

Kalitatezko garaipena

Euskal Selekzioak lehen zati bikain bat baliatu du Irlanda mendean hartzeko.

Euskal Selekzioak eman dezakeenaren zertzelada baten berri izan dute  Garmendipen elkartu diren mila jarraitzaileek. Jose Alvarezek eta Sergio Riverak zuzendutako taldeak bere indarraren berri eman du lehen zati ahaztezin batean. Futbol uholdea izan da Euskal Selekzioarena. Lehen minututik epaileak aldagelarako bidea agindu arte ezeresean utzi du aurkaria. Hasiera-hasieratik aginte makila hartu eta baloia oinarri gisa hartuta dantzan ibili du Irlanda.

Zelaian erakutsitako nagusitasuna markagailuan islatzeko  ardura Naiara Beristainek izan du. Realeko erdilari-aurreratuak bere talentuaren berri eman du baloiaren inguruan egon den bakoitzean. Hiru jaurtiketa egin ditu areaz kanpotik eta gol bi sartu ditu. Lehen aukeran geldiketa bikaina egin dio Eve Badana Irlandako atezainak. Seigarren minutuan izan da. Hurrengo jokaldian Ane Bergarak, buruz, zutoinera bidali du baloia korner batean. Eta ordulaurdena bete orduko Beristainak ez du barkatu. Gol bikaina egin du eskuinez areaz kanpotik. Atezainaren gainetik.

Bigarren gola antzeko jokaldi batean etorri da. Eli Ibarrak erdiratu du ezker hegaletik, atzelari irlandarrek ez dute behar den moduan urrundu eta Beristainek zetorkion moduan jaurti du azpi-azpitik neurketa bideratzeko. Beste gol eder bat. Eta ia golaz gozatzeko  denbora barik zelai erdi ingurutik Badana ezustean harrapatzear egon da Iraia. Kapitainaren jaurtiketa loratuak zutoina jo du atezaina gaindituta zegoenean. Esan bezala, lehen zati aparta egin du Euskal Selekzioak.

Bigarrena askoz motelagoa izan da. Aldaketa asko egin dituzte bi taldeek eta horrek zuzen-zuzenean eragin du neurketaren erritmoan. Ia aukera gabeko zatia izan da. Baina, hori bai, Euskal Selekzioak erabat kontrolatua izan du partida.  

 

Euskal Selekzioa: Tirapu; Landa, Bergara, Iraia, Paredes; Gimbert, Lizaso, Encinas, Ibarra, Beristain; eta Erika. Bigarren zatian: Ramajo; Maria, Cornejo, Yulema, Orueta, Peña eta Nekane Díez.

Irlanda: Badana; Duggan, O´Cormack, Tracy, Mc Cormack; Graham, Becket, Hanseberry, Rowe, Russel; eta  Roche. Bigarren zatian: Keenan, Fahey, Murray, Connolly, Dwyer, Moloney, Mc Carthy eta Gilroy.

1-0 Beristain 13. min

2-0 Beristain 39. min