BABESLE OFIZIALAK
Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Kutxabank, S.A.
Mercedes-Benz Aguinaga
HORNITZAILE OFIZIALAK
Alzola Basque Water - Balenzategui, S.A.
Kaiku
Frutas Zelaia
Etiketak: - 

Nagusitasun armagina Emakumezkoen Euskal Ligan

Emakumezkoen Euskal Ligako lehenengo itzulia bukatu da dagoeneko 15. jardunaldia jokatu ostean. Nahiz eta azken datako Lakua – Leioako Emakumeak atzeratu, hainbat gauza nahiko argi geratzen doazela dirudi.

Lehenengoa, Eibarren buruzagitza ukaezina dela da. Pasa den denboraldi osoan zehar Athletic-ekin igoera lortzeko borrokan egon eta gero, armaginek bakarrik 4 puntu galdu dituzte 2 berdinketetan lehenengo 15 partiduetan. 60 gol sartu dituzte eta soilik 9 jaso dituzte. Besteen gainetik dagoen taldearen zenbakiak dira hauek.

Txapelketaren hasieratik atzetik doan taldea Erandioko Betiko Neskak, Zarautz, Anaitasuna eta Leioako Emakumeak taldeek osatu dute. Azken hauek atzeratutako partiduan 3 puntuak lortu behar izango dituzte gainerakoen lorratza jarraitu ahal izateko. Aipatu beharra dago Anaitasunak ez duela partidurik galdu. Hala ere, berdindutako partidu kopurua bere denboraldia oztopatzen ari da. Azkoitiakoek 7 partidu berdindu dituzte eta ligan berdinketa gehien lortu dituen taldea dira.

Taula erdian eta nahiko lasai, Elorrio eta Deportivo Alaves B daude. Lehenengoak Eibarren atzetik doan taldeek osatzen duten multzo horrengandik aldentzen joan dira. Anaitasunarekin batera, buruaren aurka puntuak lortu dituzten talde bakarrak izan dira.

3 puntuko tartean eta arrastreei begira Pauldarrak, Añorga, Bizkerre eta Hauskaitz daude. Batez ere, Gasteizkoek, Goierri Gorri puntu batera dute. Goierrikoak, Basauriko Kimuak eta Lakua goiko mailari begira bizitzen ari dira aurtengo denboraldia. Izan ere, Nazional Ligako jaitsieren arabera, jaitsiera postuak saihesteko borroka oraindik basatiagoa izango da.

Azken postuan Aurrera B dago. Gasteizkoek lehenengo itzulian zehar puntu bakarra lortu dute. Arrastreak kontuan hartu gabe, Olaranbekoek 9 puntura dute salbazioa. Oso zaila dirudien arren, oraindik helburua lortzeko astia dute.

15 jardunaldi jokatuta eta oraindik beste 15 aurretik, dena jokoan dago Emakumezkoen Euskal Ligan.