Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Alzola Basque Water - Balenzategui, S.A.
Kutxabank, S.A.
Euskal Kirol Federazioen Batasuna - Unión de Federaciones Deportivas Vascas
Etiketak: - 

Partida bat baino “gehiago”

Kataluniako zein Euskal Selekzioko ordezkariek “ilusio” handia dute bi selekzioek elkarren aurka jokatuko dituzten hiru partidei aurre egiteko.

Bai Euskal Selekzioak eta baita gure lurrak bisitatuko dituen Kataluniakoak ere gogo handia dute urte bukaerako hiru neurketak jokatzeko. Areto futbolean, emakumezkoen futbolean, eta gizonezkoetan ariko dira nor baino nor gehiago. “Ilusio handia egiten didan hitzordua da”, esan du Euskadiko Federazioko presidente Luis Mari Elustondok. “Norgehiagoka festa giroan egitea gura dugu”, gaineratu du. Bestalde, Kataluniako presidente Andreu Subiesek lagunarteko norgehiagokak jokatzearen garrantzia nabarmendu du. “Ez bada partidarik jokatzen galdu egiten da. Bestalde, emakumezkoen partida jokatzea albiste oso pozgarria dela iritzi diot.  Etorkizunean aurrerapausuak ematea espero dut”, esan du Sobiesek.

Aukeratzaileak futbol kontuen gainean jardun dira. Gerard Lopezek argi eta garbi esan du selekzio “indartsuarekin” bisitatuko dutela San Mames. “Neurketa ikusgarria izango da. Euskal herritarren eta kataluniakoen artean harreman  berezia dago”, adierazi du. Mikel Etxarrik, berriz, bi selekzioen arteko lehia estuak gogoratu ditu. “Selekzioko aukeratzaile gisa jokatu ditudan neurketa berezienak dira. Ea duela zazpi urteko berdinketak gure alde izaten diren kasu honetan”. Jose Mari Amorrortuk, berriz, bi herrialdetako harrobien indarra nabarmendu gura izan du. “Mundu mailan gorengo postuetan dauden haztegiak ditugu”, esan du.

Jon Redondo: “Ziklo bat amaitu da”

Euskal Selekzioaren eta Kataluniakoaren arteko lehien aurkezpenari amaiera emateko Jon Redondok hartu du hitza. Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendariaren esanetan, Gabonetako partida alde batera utzi eta beste urrats bat emateko unea da. “Urte amaierako neurketen zikloa amaitu da. Aurrerapausu bat eman behar dugu. Hurrengo neurketak FIFA egunetan jokatzea izan behar da erronka”, adierazi du Rendondok.