Suak indarrean jarraitzen du
Euskal selekzioak nagusitasunez hartu du mendean Venezuela (3-1). San Mameseko giroa ikusgarria izan da. Neurketa amaieran hautatzaile lanak utzi egingo dituela adierazi du Jose Angel Iribarrek.
Selekzio gosez daudela erakutsi zuten San Mameseko harmailak bete zituzten jarraitzaileek. Hiru urtez jokatu gabe egon ostean, Euskal selekzioa lehiatzen ikusteko irrikaz agertu ziren zaleak. Gau hunkigarria izan zen. Emozioz betea. Euskal selekzioa berriz berdegunean ikusteak, Joseba Etxeberriak egindako ohorezko sakeak, Iribarren agurrak… magiaz bete zuten norgehiagoka. Zale batzuk eramandako bengalegatik eta petardoegatik izan ez balitz gau borobila izango litzateke.
Euskal jokalariak “ofizialtasuna” aldarrikatuz zelairatu ziren. Ordurako gainezka zegoen Katedrala. Ohiko fotoak atera ostean Joseba Etxeberria agertu zen berdegunean. Jokalari ohiak egin zuen ohorezko sakea. Egin beharreko omenaldi guztien ondoren hasi zen neurketa. Iribar-Etxarri bikotearen taldeak ez zuen ondo hasi neurketa. Jokalariak ez ziren elkar ulertzen eta zelaiaren egoera kaskarrak ere ez zuen asko lagundu joko landua egiterako orduan. Guzti hori baliatu zuen Venezuelak lehen aukera sortzeko. Arismendik gertu izan zuen lehen gola baina Iraizozek ez zion bere helburua betetzen utzi. Venezuelaren lehen aukera pizteko baliatu zuen Euskal selekzioak. Pixkanaka-pixkanaka nagusitzen hasi zen. Xabi Prieto izan zen itxuraldaketaren protagonista nagusia, baina Igor Gabilondok eta Zurutuzak izan zituzten gol aukera garbienak. Athleticeko ezkerrak falta jaurtiketa bat baliatu zuen arriskua sortzeko, baina Dani atezainak gelditu bikaina egin zion. Realeko erdilariak, berriz, ezin izan zuen ganoraz amaitu Prietok eskuin hegaletik egindako jokaldia.
Euskal selekzioak kontrolpean zuen neurketa, baina neurketaren orduerdia bete berritan Vizcarrondok ondo baino hobeto baliatu zuen Hernandezek jaurtitako falta bat aurkari guztiei aurrea hartu eta baloia Iraizozen sareetan sartzeko. Kolpe gogorra izan zen Euskal selekzioarentzat. Atsedenaldira arte ez zen egoerari buelta emateko gai izan.
Bigarren zatian gauzak goitik behera aldatu ziren. Iribarrek eta Etxarrik bederatzi aldaketa egin zituzten. Emaitza ona eman zuten aldaketek. Lehen minututik sekulako grina erakutsi zuten neurketari buelta emateko. Agirretxek birritan, Javi Martinezek eta Toquerok gertu izan zuten banakoa, baina Gurpegi izan zen markagailua parekatu zuen futbolaria. Andosillakoak areaz kanpotik egin zuen jaurtiketak atzelari baten gorputzean jo ostean norabidez aldatu eta sareetarako bidea hartu zuen. Berdinketarekin erotu egin ziren zaleak. Hala ere, ez zeuden konforme. Gehiago gura zuten. Eta jokalariek gura zutena eman zieten. Euskal selekzioak bide beretik jarraitu zuen eta bistan zen berandu baino lehen irauliko zuela emaitza. Mikel Labaka izan zen korner jaurtiketa baten ondorioz Euskal selekzioa aurretik jartzea lortu zuena. Ez zen giro Katedralean. Gaua borobiltzeko Muniainek egin zuen hirugarrena banakako jokaldi bati esker. “Beste bat, beste bat…” eskatuz amaitu zen neurketa.
Iribarren azken partida
Emozio handiko neurketa izan zen. Bai zelaian eta baita aldageletan ere. Izan ere, hemezortzi urtez Euskal selekzioaren ardura izan ostean, kargua utzi egingo duela aurreratu baitzuen Jose Angel iribarrek. “Une aproposa dela uste dut”, esan zuen entrenatzaile gipuzkoarrak. Euskal futbolaren mito nagusiaren agurra da. Eskerrik asko Angel!
Euskal selekzioa: Iraizoz; Oier, Ansotegi, Amorebieta, Sirieix; Gurpegi, Aranburu, Xabi Prieto, Zurutuza, Gabilondo; eta Llorente. Bigarren zatian: Riesgo, Mikel Gonzalez, Koikili, Xabi Alonso, Susaeta, Javi Martinez, Toquero, Agirretxe, Muniain eta Labaka.
Venezuela: Dani; Vizcarrondo, Romero, Di Giorgi, Rondon, Orozco, Arismendi, Hernandez, Guerra, Fuenmayor eta Perozo. Bigarren zatian: Granados, Flores, Del Valle, Gomez, Agnel Flores, eta Chourio.